Nov 262015
 

Kaixo lagunak!

20 urte borobil pasa dira lehen aldiz peluka bat jantzi genuenetik. Orduan, gure eskolako festa zela eta emanalditxo bat ematea proposatu ziguten. Gazteak ginen, eta momentu hartan ez genuen sumatzen inondik inora hura bidai luze baten abiapuntua izango zenik.

Euskal Herriko herri, txoko ta bazter guztiak ezagutu ditugu. Gure furgonetak milaka ta milaka kilometro egin ditu eta gure motxilak makina bat lagun, esperientzi eta oroitzapen ederrez bete ditugu. Tartean gure Mokolo joan zaigu eta momentu gogorrak ere bizi izan ditugu.

Baina orain… gure furgoneta aparkatu eta gure bidaia amaitzeko erabakia hartu dugu. Ez da erabaki xamurra izan ta ziur gaude zuentzako askorentzat ere ez dela erraza izango. Bihotzak baietz baina buruak ezetz esaten digu; bizitzak aurrera darrai eta oraintxe taldekide guztiak (etxetik hasita) beste eginbehar batzuk ditugu esku artean. Horregatik pixkanaka itzaltzen joatea baino, nahiago dugu zuen aurrean emanaldi eder batekin pozik eta kontentu bukatu.

Poxpolo, Mokolo ta Konpainia

Errege bezperan (urtarrilak 5ean) egingo dugu Tolosan gure azken emanaldia eta saio bikoitzean izango da: lehenengoa eguerdiko 12:00etan eta bigarrena arratsaldeko 16:00etan. Horrela goiz-goiz bukatu eta denok errege bezperaz gozatu ahal izango dugu.

Sarrerak beti bezala Leidorren bertan eta Kutxanet bidez egongo dira salgai azaroaren 28tik aurrera.

Hala ere egun horretan ezin baduzue etorri… lasai! Eguberrietan beste leku batzuetan ere egongo gara eta. Begiratu gure agenda eta ez huts egin.

Ezin dugu mezu hau zuei guztioi eskerrak eman gabe bukatu. Zuek gabe ez ginake Poxpolo, Mokolo ta Konpainia izango. ESKERRIK ASKO bene-benetan!

Gure azken emanaldietan elkar ikusiko garelakoan…

Muxu potolo bat

Poxpolo ta Konpainia

IMG_3642